XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

joan nahi eta ezin, etxerik ez duzulako.

Negarrez hasi eta alferrik, aita-amarik ez duzulako.

Gainera ibilki, ibilki zure etxea izan daitekeen horretara heldu zarelarik, atea ireki eta barrukoa ez da zure etxea; atea zabaldu dizuna ez da zure familiakoa. Guztiz ezezaguna.

Gero eta galduago, hankautsik, noraezean, munduko umerik tristeena.

Eta burua indarrez astinduz, amets gaizto horretatik atera nahian: Beno, beno uxatu egin behar dituzu neska, pentsamendu ilunkara horiek.

Orain egun argia da, ez oso argia egia esan, baina tira, eta garaiz iritsi behar duzu autobusera.

Bai uxatu, desegin, aire bihurtu behar ditu ideia mingarri haiek, baina azken aldi honetan hori ez da horren erraza.

Errautsetik bersortzen dira behin da berriro, Fenix hegaztiaren antzera.

Gehiegixko ez ari ote naiz ni gauza hauetan hausnarrean? Bai, agian bolada txarra pasatzen ari delako.

Esaten dute hori ziklikoa dela.

Noiz edo noiz zure bizitza eta bizimoduaren errepaso orokorra egiten duzula.

Orduan ikusten duzu ez zarela batere zoriontsu bizi hamaika arrazoirengatik.

Deprimitzen zara zenbait egunez eta ondorean zulo beltz horretatik atera eta dena ahazten duzula.

Hori uste zuen Nekanek orain artean, baina gaizki egotealdi hau luzeegia suertatzen ari zaio.

Burumakur dabil. Kezkati. Pentsakor. Nekatua. Ilusiorik gabe. Eta makurrena: zergatik jakin gabe.

Badator autobusa! Hara geldituko ote da kabroi hori?

A, bai, gaitzerdi emakume hori hor zen, bestela, segituko zuen astazakil horrek.

Billabesara igo eta txoferra ez da gizon tripontzi, burusoil, puroduna baizik ere neska ilehori, lo aurpegikoa. Glups!

Nekanek: Egun ooon!.

Eta neskaren erantzuna: Egun on.

Ordu hauetan ez dago arazorik eserlekua aurkitzeko.

Gainera egunero guztiok toki berean eseritzen gara.

Nik uste dut txamarra berdeko gizon hori, jadanik jubilatzear egon behar duen gizon hori, 30 urtetan, gutxienez, eseri dela leiho ondoko toki horretan.

Gainera lan honetan hasi nintzenetik, duela bost urte, ez du behin ere huts egin.

Gezurra: behin ez zen etorri eta horrek piztu zuen elkarrizketa eguneroko bidaiarien artean.